ZINEA

«« Itzuli

Bilboko Arte Ederren Museoak Jose Luis Borauren filmografiaren atzera begirako zikloa eskainiko du gaurtik aurrera

Bilboko Arte Ederren Museoak Jose Luis Borauren filmografiaren atzera begirako zikloa eskainiko du gaurtik aurrera

2008/09/04

Bilboko Arte Ederretako Museoaren Zinematekak Jose Luis Borau zinema zuzendari, ekoizle, aktore eta gidoilariaren atzera begirako zikloa eskainiko du gaur hasi eta hilaren 27ra arte. Emanaldiak ostegunetan, ostiraletan eta larunbatetan izango dira museoan eta pelikulak 18:00etan eta 20:00etan eskainiko dituzte. Sarrerak 3 eurotan izango dira salgai.

1964. urtean hainbat dokumental grabatu ostean, Borauk enkarguzko bi film luze egin zituen, Brandy eta Crimen de doble filo. 1966. urtean bere ekoiztetxea sortu zuen, El Imán izenekoa, eta, honekin, 1973. urtean Hay que matar a B ingelesez grabatutako thriller politikoa egin zuen eta 1975. urtean, berriz, Furtivos drama. Azken horrekin, gainera, bere ibilbideko arrakasta komertzialik handiena lortu zuen, eta Donostiako Zinemaldiko Urrezko Maskorra ere jaso zuen. Ordutik, bere film luze denak ekoitzi ditu.

Horrez gain, Borau beste zuzendari batzuen pelikuletan aktore lanetan aritu izan da, baita berak egindakoetan ere. Era berean, bere literatura zaletasuna zela eta, 1995. urtean Ediciones Imán argitaletxea martxan jarri zuen. Gaur egun, Egile eta Editoreen Elkarteko (SGAE) lehendakaria da eta RAEko (Hizkuntzaren Errege Akademia Espainiarra) B besaulkia betetzen du.