«« Itzuli
The Other Man eta The Brothers Bloom filmek irekiko eta itxiko dute Zinemaldia, hurrenez hurren

2008/09/04
Britainia Handiko The Other Man produkzioak emango dio hasiera Donostiako Zinemaldiaren 56. edizioari. Filmak Liam Neeson, Antonio Banderas eta Laura Linney ditu protagonista eta Richard Eyrek zuzendu du, Bernard Schlink idazle alemaniarraren Liebesfluchten (Amodioak ihesaldian) liburuko kontakizun batean oinarrituz.
The Other Man filmak hiru erpineko amodioa eta obsesio erromantiko bat deskribatzen ditu, intriga elementuz josia. Richard Eyre zuzendariak, Iris (2001), Stage Beauty (2004) eta Notes On a Scandal (2006) filmak zuzentzeagatik ezaguna denak, Ingalaterran eta Italian filmatu du lan hau.
Bestalde, The Brothers Bloom pelikulak itxiko du Zinemaldia. Zinta hori Adrien Brody, Rachel Weisz, Mark Ruffalo eta Rinku Kikuchi aktoreek protagonizatu dute, eta Brick (2005) zuzendu zuen Rian Johnsonen bigarren film luzea da, azkenaldian egin den zinema independentean lan miretsienetakoa dena.
The Brothers Bloom komediak Bloom anaia iruzurtiak mundu mailako abentura batean murgilduko ditu, eta, horretarako, generoen nahasketa bitxi bat egiten du Johnsonek.
Horrez gain, Sail Ofizialean iragarritako hamahiru filmei beste bi gehitu zaizkie: Léa Pool zuzendari kanadarraren Maman est chez le coiffeur eta Frantziako Louise-Michel komedia beltza, Benoît Delépine eta Gustave Kervern zuzendariena. Beraz, hamabost izango dira irailaren 18tik 27ra egingo den Donostiako Zinemaldiko Urrezko Maskorra eta gainontzeko sariak irabazteko lehian arituko diren filmak.
(Argazkia: www.sansebastianfestival.com)
