ZINEA

«« Itzuli

Antonio Banderasek eta Meryl Streepek jasoko dute Donostia Saria

Antonio Banderasek eta Meryl Streepek jasoko dute Donostia Saria

2008/09/05

Antonio Banderas eta Meryl Streep aktoreek jasoko dute aurtengo Donostia Saria. Golardo horrek aktoreen ibilbide artistikoa saritzea du helburu. Goizean eman den prentsaurrekoan Zinemaldiko Epaimahaiaren izenak ere eman dira ezagutzeko. Jonathan Demme, Joan Chen, Mirtha Ibarra eta Amos Gitai izango dira presidenteak.

Mikel Olaziregi Zinemaldiko zuzendariak adierazi duenez, "Meryl Streep une honetako aktore onena da zalantzarik gabe". Antonio Banderasi zuzendutako hitzak ere izan ditu: "Zuzendari handiekin lan egin duen aktore aitzindarietako bat da", esan du.

Azken urteetan Donostia Saria ondorengoek jaso dute: Richard Gerek eta Liv Ullmanek (2007), Max Von Sydowek eta Matt Dillonek (2006) Ben Gazzarak eta Willen Dafoek (2005) eta Woody Allenek, Annette Beningek eta Jeff Bridgesek (2004).

Zinemaldiko zuzendariak lau Epaimahaietako kideen izenak ere eman ditu ezagutzera. Sail Ofizialeko presidentea Jonathan Demme zuzendari eta ekoizlea izango da. Altadis-Zuzendari Berriak saria erabakiko duen epaimahaia, berriz, Joan Chenek zuzenduko du. Horizontes Sariaren presidentea Mirtha Ibarra izango da eta Amos Gitai, berriz, Zinema Eskolen Naziorteko topaketak Sariko Epaimahaiko burua.

56. edizioko programazio osoa irailaren 13an ezagutuko da. Sarrerak egun bat beranduago aterako dira salmentara.

(Argazkia: EFE)