«« Itzuli
Zinebiko Sari Nagusia Sua, odola, izarrak film laburrarentzat izan da

2008/12/01
Caroline Deruas frantsesaren Le feu, le sang, les étoiles (Sua, odola, izarrak) minutuko film laburrak irabazi du Bilboko Film Labur eta Zine Dokumentalaren Sari Nagusia. 30 urteko zuzendariak zuri-beltzean egindako filmak gazte ezkertiarren erreakzioa dauka gai nagusi: hauteskundeak galdu ostean "ezintasunetik izualdira eta malkoetatik amorrura" doaz etsipena gainditzeko asmoz. 7.000 euro poltsikoratuko ditu filmeko gidoilaria eta aktorea ere baden Caroline Deruasek. Les enfants de la nuit (Gaueko umeak) lehen pelikula filmatzen ari da orain bertan.
Euskal zinemaren sari nagusia Jon Garañoren FGM lanarentzat izan da. Etiopian Gobernuaz kanpoko erakunde batentzat egindako hamazazpi minutuko dokumentalak klitoriaren mozketaren arriskupean dauden neskatoez dihardu.
Fikzio, dokumental eta animazio sailetako Urrezko Mikeldiak The door irlandarrak, Alemaniako Clean-up eta Frantziako DIX filmek irabazi dituzte. The door Juanita Wilsonen 17 minutuko zinta Txernobilgo tragediari buruzkoa da. Clean-up dokumentala Sebastian Mez zinemagileak zuzendu du eta AEBetako exekuzio baten ostean, gas ganbera txukuntzeko lanak aurkezten ditu. DIX, berriz, BIF izenarekin izenpetzen duten hiru frantsesen (Fabrice Le Nezet, François Roisin, Jules Janaud) zazpi minutuko animazio lana da, eta Marc da protagonista, bideko marrak zapaltzeko beldur den mutila.
Zilarrezko Mikeldiak honakoak izan dira: dokumentalean Mike Rollo kanadarraren Ghost and Gravel Roads, fikzioan Rolf van Eijk holandarraren Hemel boven Holland eta animazioan Johannes Nyholm suediarraren Sagan om den lille dockpojken.
Espainiako zinemaren sari nagusia Sergi Agustiren One Goal dokumentalarentzat izan da; Sierra Leonako gazte anputatuekin egindako lana da. Latinoamerikako film onenaren zilarrezko karabela Tierra Roja izan da. Kuba eta Suitzaren artean egindako lana da eta Heidi Hassanek zuzendu du.
(Argazkia: EFE)
