«« Itzuli
Erreportaje didaktikoak
John Wayne, Hollywoodeko cowboya (I)





John Waynek, soldadua edo bakeroa izan, heroiarena egin zuen beti eta horrek Amerikako Estatu Batuetako gizartearen ikono bihurtu zuen, aktoreak zituen ideia kontserbadoreen laguntzaz. John Ford zuzendariarekin batera historiako bikote arrakastatsuena osatu zuen, elkarrekin pelikula on ugari egin zituzten, horien artean, La diligencia, Rio Grande, La taberna del irlandes, Centauros del desierto eta El hombre que mato a Liberty Valance.
2007/06/01
Marion Michael Morrison, John Wayne, 1907ko maiatzaren 26an jaio zen Winterset (Iowa, AEB). Zazpi urte zituela Palmdale (Kalifornia) herriko arrantxo batera joan zen bizitzera familia, bertan hazi zen zaldi artean John Wayne. Geroago Los Angelesetik (Kalifornia) gertu dagoen herrira joan ziren.
Gaztea zenean Duke ezizena jarri zioten, beti egoten baitzen bere txakurrarekin, Little Duke deitzen zen. Wayne ikasle ona zen eta institutuko futbol taldean ere jokatzen zuen. 1,90 metro zituen altueran eta 80 kilo, hori dela eta ez zioten utzi Akademia Militarrean sartzen. Orduan, kirol beka bati esker, Kaliforniako Hegoaldeko Unibertsitatera joan zen, han ere futbol taldean jokatu zuen. Kirola egiten ari zela lesio bat izan zuen eta ezin izan zuen jokatzen jarraitu, horregatik beka kendu zioten. Ez zituen unibertsitateko ikasketak amaitu.
Ikasten ari zen bitartean, laguntzaile moduan egin zuen lan Fox estudioetan. Bertan, oraindik ezezaguna zen zuzendari baten lagun egin zen: John Ford. Lagun onak egin ziren eta zuzendariari esker pelikula askotan lan egin ahal izan zuen Waynek, bigarren mailako paperak eginez, bai Fordek zuzendutakoetan eta baita beste zuzendari batzuen aginduetara ere. Orduan aldatu zuen izena, hasieran Duke Morrison moduan aritu zen, baina azkenean John Wayne izenarekin gelditu zen. 1930ean, John Forden bitartez, protagonista moduan lehen lana lortu zuen: La gran jornada pelikulan lana eman zion Raoul Walsh zuzendariak.
Pelikulak ez zuen arrakastarik izan. Horren ostean, aurrekontu gutxiko hirurogeiren bat film egin zituen John Waynek. 1939an aukera berri bat eskaini zion bere lagun John Fordek, La diligencia pelikulan protagonista papera. Ordura arte bigarren mailako westernak egin zituen aktorea, zinemako izar bihurtu zuen film honek.
John Wayne Amerikako Estatu Batuetako gizartearen zati handi baten ikono bihurtzearen arrazoietako bat egin zituen film motetan lortutako arrakasta izan zen. Western asko egin zituen, zinemako generorik amerikarrena, eta pelikula belikoetan ere parte hartu zuen, batez ere Bigarren Mundu Gerra garaian. Beste aktore batzuk gerrara joan ziren bitartean, Waynek zineman egin behar izan zuen soldaduarena. Atsekabetuta zegoen joaterik izan ez zuelako. Aktoreak ideia politiko kontserbadoreak zituen eta Motion Picture Alliance sortu zuen, McCarthy senatariaren "sorgin ehiza" garaian amerikarren idealen alde egiteko.
Fordek eta Waynek zinemaren historiako bikoterik arrakastatsuenetarikoa osatu zuten, 20 pelikula baino gehiago egin zituzten elkarrekin. Forden maisulan askotako protagonista izan zen Wayne: El hombre tranquilo (1952), Centauros del desierto (1956) eta El hombre que mato a Liberty Valance (1962), adibidez. Elkarrekin egin zituzten baita pelikula hauek: Hombres intrepidos (1940), They were expendable (1945), Tres padrinos (1948), Fort Apache (1948), La legion invencible (1949), Río grande (1950), Mision de audaces (1959) eta La taberna del irlandes (1963).
(Argazkien iturria: 1 eta 2: IMBd; 3 eta 4 argazkiak: Carteles. Metropoliglobal; 5. argazkia: Cinepatas ).
