«« Itzuli
Erreportaje didaktikoak
Rodolfo Valentino, latin lover nagusia







Rodolfo Valentino zinema munduko pantailetan azaldu zen aktore italiar bat izan zen, zeluloideko lehen latin loverra. Ez zuen zineman ibilbide oso luzerik izan, 31 urte zituela, peritonitis baten ondorioz hil baitzen. Baina star systemeko lehen izarretakoa izan zen aktorearen heriotzak shock bat sortu zuen bere jarraitzaileen artean. Istilu handiak sortu ziren bere hileta jendetsuan eta bere jarraitzaileetako askok bere buruaz beste egin zuten.
2008/06/20
Rodolfo Alfonso Raffaello Pietro Filiberto Gugliemi di Valentina D'Antonguolla, Rodolfo Valentino edo ingelesezko hiztunen artean Rudolph Valentino bezala ezaguna izan zen aktorea Castellanetan (Italia) jaio zen, 1985eko maiatzaren 6an.
Hainbat eskolatik pasatu zen txikia zela, baina inoiz ez zen ikasle ona izan. Oso gazte zelarik Parisera joan zen eta bertan, dantza estiloa perfekzionatzeaz eta kaleko bizitza ezagutzeaz gain, giro gayan murgildu omen zen.
Rodolfo gaztea Amerikako Estatu Batuetara joan zen lana bilatzeko asmoz. 1913ko abenduaren 23an iritsi zen New Yorkera eta, lorezain eta zerbitzari lanetan aritu ostean, dantzari bezala lan egiten hasi zen Maxim klubean.
Dantzan aritu ostean, antzerkian aritu zen eta, arrakasta handirik lortu ez zuenez, Kaliforniara joan zen orduan hastapenetan zegoen zinemaren industrian zortea bilatzera. 1915ean hasi zuen bere ibilbidea zineman eta estra bezala egiten zuen lan hasieran Hollywoodeko ekoizpenetan. Era berean, Beverly Hillseko izarren gaueko festetan dantzari lanetan ere aritu zen garai hartan.
Zinema mutuko hogeiren bat filmetan egin zuen lan; hauek exotikoak, urruneko lekuetan kokatuta zeuden eta maitasun istorio ezohikoak eta abentura magikoak azaltzen ziren bertan. Elementu guzti hauei esker, Valentino arrakasta lortzen eta begirada guztien helburu bilakatzen hasi zen.
Benetako izar bihurtu zen zinema mutuko zuzendari onenetako baten, Rex Ingramen, Los cuatro jinetes del Apocalipsis (Vicente Blasco Ibañezen nobelan oinarrituta zegoen) filmean agertu zenean. Bertako eszena famatu batean tango bat dantzatzen zuen eta, horri esker, fama lortzen hasi zen sex symbol bezala. Pelikula horren ondoren, beste hainbat ere egin zituen; aipagarrienak El Caíd, oso ezaguna izan zen Sangre y Arena, El águila negra eta bere azken filma, El hijo del Caíd, dira.
Guztira 25 pelikula filmatu zituen Metro, Paramount eta United Artists (honekin kontratupean egon zen) produkzio etxe handientzat.
Bizitza pertsonalari dagokionean, zaletasun xelebreak zituen. Ezkutuko zientzien jarraitzailea zen eta bitxiak asko gustatzen zitzaizkion. Baina bere maitasun harremanak beste edozer baino gehiago eman ziren ezagutzera. Diotenez, zenbait maitasun harreman izan zituen gizonezkoekin; horietako bat Ramón Novarro aktorearekin izan zen.
Bi aldiz ezkondu zen, Jean Acker aktorearekin eta Natacha Rambovarekin, La dama de las camelias filmeko zuzendari artistikoarekin. Aldi batez, aktoreak bi emakumeekin izan zituen harremanak, eta hori dela eta iskanbila handia sortu zen bigamoa izan zitekeelako.
Bere bigarren emazteak Rodolfo Valentinoren lanaren inguruko erabaki guztietan parte hartzen zuen, guztia kontrolatuz, baina United Artists enpresak Valentino kontratatu zuenerako Hollywood oso erreta zegoen Rambovaren jokaerarekin eta behin betiko galarazi zion filmaketetan esku-sartzea. Ordutik aurrera bien bizitzak banantzen joan ziren.
Izar baten heriotza
1926ko abuztuaren 15ean, 31 urte zituela, Rodolfo Valentinok kolapso bat izan zuen. Ultzera gastrikoa diagnostikatu zioten ospitalean eta ebakuntza egin zioten. Halere, egun batzuk geroago peritonitis bat izan zuen eta horren ondorioz hil zen.
1926ko abuztuaren 23an hil zen Rodolfo Valentino, Hollywoodeko star systemaren lehen izarretakoa. Aktorearen heriotza goiztiarrak tristura handia sortu zuen bere jarraitzaileengan, eta talde handian joan zen bere hileta jendetsura. Ehunka lagunek bere buruez beste egin zuten latin lover handiaren heriotzak beraientzat suposatu zuen galera zela eta.
(Argazkia: www.rudolph-valentino.com)
