«« Itzuli
Erreportaje didaktikoak
Pin-ups, egutegietako neskak (II)





Pin-up neskak emakume ederrak eta sentsualak dira, normalean jarrera konprometituan harrapatuak, erotismoa eta sineskortasuna adierazten dutenak. Nesken xarma euren pose eta begiradetan datza, eta, hasiera batean argazkiak eratsuak izan ziren arren, denborarekin lotsa galdu zuten. Pin-up neskek edertasunaren kontzeptua goitik behera aldatu zuten, emetasunaren ikono berria sortuz.
2008/08/08
Aldizkari eta egutegien bidez, pin-upak txoko guztietara heldu ziren. Argazkilaritzaren goren aldiarekin, ilustrazioak indarra galdu zuten eta modelo batzuk strip-teasean edo zineman trebatu ziren.
Betty Grable, hanketan milioi bana dolar zituen neska
II. Mundu Gerrako pin-up neskarik arrakastatsuena eta Amerikaren neska-laguna bihurtu zen argazki izugarri bati esker. Bertan sorbaldaren gainetik begira agertzen da, bainujantzi batekin.
Betty Grable bere hanka proportzionalengatik ezaguna zen. Hauek 20th Century Fox estudioarentzat, Tchnicolorrean, grabatutako hainbat film musikaletan erakutsi zituen eta estudioak milioi bat dolarretan aseguratu zituen bakoitza.
30eko hamarkadan zehar, Hollywoodeko berrogeita hamar bat pelikulatan interpretazio txikiak egin zituen, Broadwayen antzeztutako Coler Porterren Du Barry Was a Lady (1939) obrarekin garrantzia lortu arte.
1940an 20th Century Foxekin kontratua sinatu zuen, estudioaren izarrik handiena bihurtuz eta Serenata argentina (1940) eta Siempre en tus brazos (1947) filmak protagonizatuz, besteak beste.
Arrakasta handiko etapa honetan, Grable Frank Powolnyren modeloa izan zen eta honek argazki txalotua egin zion. II. Mundu Gerrako soldadu estatubatuarren artean ospetsua egin zen irudia eta ikono bat bihurtu zen.
40ko hamarkadaren amaieran, Hollywooden diru gehien kobratzen zuen artista zen Grable. Gerraosteko musikalen artean How to Marry a Millionarie (1953) aipatzekoa da, Lauren Bacall eta Marilyn Monroerekin.
Lili Saint Cyr, stripperren erregina
Biluzteko erakusten zuen maisutasunari, bere gorputz ia perfektuari eta probokatzailea izateko erraztasunari esker, Lili Saint Cyr izar handia bilakatu zen antzerti arinak eskaintzen zituzten aretoetan. Bere saioetan, normalean, bainuak ematen zituen zuzenean edo alderantzizko strip-teasea egiten zuen.
Zineman ez zuen harrera ona izan baina Las Vegas eta Montrealen arrakasta handia lortu zuen.
Blaze Starr, sugar sutsua
Blaze Starren dantza exotikoa ospetsua bihurtu zen, bere adats gorria eta gorputz oparoa bezala. Bertan, oihan erdian balego bezala, danborrak jotzen zituen.
Taulen gainean nagusi izateaz gain, Blaze zineman aritu zen eta Blaze Starr Goes Nudist pelikulan parte hartu zuen.
El escandalo Blaze (1989) filmak, Paul Newmanek eta Lolita Davidovichek protagonizatua, bere bizitza gorabeheratsua irudikatu zuen.
70eko hamarkadara arte, pin-up nesken gehiengoa aktore zinematografikoak ziren, Joan Crawford, Greta Garbo, Pola Negri, Ava Gadner, Veronica Lake, Sophia Loren eta Marilyn Monroe, besteak beste.
Baina hamarkada horretatik aurrera, pin-up ospetsuak izan ziren abeslari eta modeloak daude: Madonna, Tyra Banks, Jennifer Lopez, Courtney Love, Monica Bellucci, Fergie, Dita Von Teese, eta abar.
(Argazkiak: www.portalmix.com/pinup)
