«« Itzuli
Erreportaje didaktikoak
Heath Ledger, Hollywoodeko mito berria?






Joan den urtarrilaren 22an zinema estatubatuarrean etorkizun handia izan behar zuen aktore batek agur esan zigun. Hain gazte eta hain modu dramatikoan hil izanak mito bihur lezake orain Heath Ledger, James Dean edo Elvis Presley handiei gertatu zitzaien antzera.
2008/08/14
Bere masaje-emaileak aurkitu zuen, bakarrik, Manhattanen zuen apartamentuan. Gorpuaren ondoan hainbat pilula ontzi aurkitu zituzten arren, oraindik ez dakite haren heriotza zerk eragin zuen. Bertsio ofizialaren arabera, Brokeback Mountain filmeko protagonista medikuek agindu zizkioten sendagai gehiegi hartzeagatik hil zen, nahi gabe toxikatuta. Edonola ere, 28 urteko aktorearen heriotzak iskanbila handia sortu zuen Hollywooden; inork ezin izan baitzuen sinetsi ezusteko hori. Orain egin ahal dugun bakarra utzi digun ondarea gogoratzea eta gozatzea da, ibilbide oso emankorra garatu baitzuen denbora gutxian.
Heathcliff Andrew Ledger 1976ko apirilaren 4an jaio zen Perthen (Australia). 16 urte bete zituen arte bertan bizi izan zen. Gero, eskola utzi zuen eta Sydneyra joan zen bere lagun minarekin. Nahiz eta belar gaineko hockey jokalari moduan etorkizun bikaina zuen, antzezpenaren mundua aukeratu zuen; telebistako zenbait telesailetan parte hartu zuen eta horietako baten bidez (Roar) egin zen ezagun merkatu estatubatuarrean.
1999 urtean Hollywoodeko ibilbideari ekin zion, Diez razones para odiarte filmarekin eta Two Hands produkzio australiarrarekin. Ondoren, urtebete eman zuen nerabeentzako pelikulak egiteko eskaini zizkioten paperei uko egiten, bere lehenengo arrakasta handia, Destino de Caballero, egin zuen arte.
Arrakasta hori dela eta, hurrengo urteetan onenekin egin zuen lan, gelditu gabe: Kate Hudsonekin aritu zen Las cuatro plumas filmean (2002), Naomi Wattsekin Ned Kelly-n (2003) eta Matt Damonekin El secreto de los hermanos Grimm lanean (2005). Bost urtetan hamar bat film luze egin zituen.
Orain hiru urte, Brokeback Mountain-en cowboy bat interpretatu izanak aldaketa handia ekarri zion bere bizitzari. Bi cowboyren arteko amodioari buruzko pelikula polemikoan Ledgerrek eta Jake Gyllenhaalek egin zuten lanak kritika bikainak lortu zituen. Horrela, Urrezko Globorako eta Oskarretarako izendapena jaso zuen. Gainera, lan hori grabatzeko lanetan Michelle Williams aktorea ezagutu zuen, bere alaba bakarraren ama.
Hil zenean bere azken pelikula grabatzen ari zen, The Imaginarium of Dr. Parnassus. Film horren zuzendaria, Terry Gilliam, aktorearen laguna zen, eta bere esku zegoen guztia egin du lana amaitzeko eta aktorea bertan mantentzeko. Hori da egin ahal zaion omenaldirik onena! Uda honetan pantaila handian ikusteko aukera izango dugu The Dark Knight-eko gaizkileari bizitza ematen. Batmanen sagako azken filma estreinatu berri da AEBetan eta, asteburu bakar batean 66,4 milioi dolar bilduta, lehen asteburuan diru gehien lortu duen pelikula bihurtzeko zorian dago.
Ibilbide motza baina oparoa izan du Heath Ledgerrek. Dagoeneko ezingo dugu lan berri batean ikusi, baina ez gara nekatuko bere arrakasta guztiak ikusteaz. Zalantzarik gabe, XXI. mendean Hollywoodek izan duen lehenengo mitoaren aurrean gaude.
(Argazkia: 1: www.ubikblog.wordpress.com; 2: www.lacoctelera.com; 3: www.sarahdopp.com; 4: www.knvotv48.com; 5: www.theage.com; 6: www.cinetelia.com).
