«« Itzuli
Erreportaje didaktikoak
Roman Polanski, madarikatutako jenioa







Zinema garaikidearen ezinbesteko egilea den Rajmund Roman Liebling (Roman Polanski) zuzendariak 75 urte bete zituen joan zen abuztuaren 18an. Geldi egoten ez den eta edozertara moldatzen dakien poloniar jatorridun zinemagile frantziar horrek (Paris, 1933), 2002ko zuzendari onenaren Oscar saria jaso zuen Poloniak bizi izan zuen nazien okupazioa hizpide duen The Pianist filmarengatik. Kontuan izan behar da, gainera, Polanskiren ama herrialde hartako kontzentrazio-esparru batean hil zela.
2008/08/21
Zuzendari paregabe gisa daukan fama Europan hasi zen eraikitzen, lehendabizi Polonian filmatutako dozena bat film laburri eta zintari esker, eta, ondoren, bere lehendabiziko maisu lanaren bidez, Repulsion (1965). Catherine Deneuve aktoreak protagonizatu eta izu psikologikoa lantzen zuen pelikula hark izugarrizko arrakasta erdietsi zuen Berlineko Nazioarteko Jaialdian.
Polanskik era horretan intrigazkoak diren giro iradokitzailez betetako unibertso propio baten hastapeneko zertzeladak emateari ekin zion, eta unibertso hori Gérard Brach gidoilari frantziarraren eskutik sendotu zuen.
Brachekin Repulsion filmean hasi zen lan egiten, eta honako beste pelikula hauetan ere lankidetzan aritu ziren: Cul-de-sac (1966), Dance of the Vampires (1967), What? (1972), Le Locataire (1976), Tess (1979), Pirates (1986), Frantic (1988) eta Bitter Moon (1992).
Dance of the Vampires izeneko zintan bere bigarren emaztea izango zen Sharon Tate aktorea azaltzen zen. 1968ko urtarrilaren 20an ezkondu ziren, baina 1969ko abuztuaren 9an Charles Mansonen sektaren jarraitzaileek erail egin zuten haurdun zegoela.
Urtebete aurretik Polanskik bere lanik ezagunena argiratu zuen Hollywooden, Rosemary's Baby izenekoa. Izu garaikidearen klasikorik handienetakoa da, eta bertan Mia Farrow eta John Cassavetes aktoreek parte hartzen dute. Alabaina, gertaera izugarri haren ondoren, zinema-zuzendariak hiru urtez luzatu zen sormenezko lehortea jasan eta Europara itzultzea erabaki zuen.
Hala ere, Tate galdu izana gainditu eta gero, Hollywoodera ate nagusitik bueltatu zen Chinatown (1974) filmarekin. Film hori hamarkada horretako lan onenetakoa izateaz gain, Hollywoodeko Akademiako 11 estatuatxo irabazteko hautagai izan zen. Bertan, Jack Nicholsonek bere antzezlan gogoratuenetako bat burutu zuen.
Justiziarekin arazoak
Bazirudien berriro ere guztia primeran zihoakiola Polanskiri. Alabaina, 1977an atxilotu egin zuten Los Angelesen (AEB) Samantha Gaimer bortxatzea leporatuta. Zuzendariak adingabearekin sexu-harremanak izan zituela aitortu zuen, eta 42 egun igaro zituen Chinoko (Kalifornia) espetxean ebaluazio psikiatrikopean. Gauzak horrela, epailearen erabakia ezagutu aurretik herrialdetik alde egitea erabaki zuen inoiz ez itzultzeko.
Tess pelikularen filmaketaren ostean eta behin Frantziara bueltatuta, zazpi urte igaro ziren Polanski berriz ere kamera atzean jarri zen arte, Pirates izeneko lanaren grabaziorako, hain zuzen ere. Pelikula hori maila txikikoa izan zen ondoren egindakoekin alderatuz gero: Frantic, Harrison Fordekin, eta Bitter Moon, Hugh Grantekin eta Kristin Scott Thomasekin. Bi film horietan bere hirugarren emaztea izango zen Emmanuelle Seignerrek ere parte hartu zuen.
Ordutik aurrera joera tenebristari heldu zion Death and the Maiden (1994) eta The Ninth Gate (1999) zintekin. Lehendabizikoan Sigourney Weaver azaltzen zen, eta bigarrenean, berriz, Johnny Depp. Azken hori Arturo Perez Reverte idazlearen eleberri batean oinarrituta zegoen. Aitzitik, bere behin betiko arrakasta The Pianist pelikularen bidez heldu zitzaion, kritikaren eta publikoaren aho bateko gorespena eskuratu baitzituen.
Oliver Twist (2005) izan da orain arteko bere azken zinema-proposamena, nahiz eta bere hurrengo pelikula izango dena, The Ghost, prestatzen ari den. Bertan, Nicolas Cage eta Pierce Brosnan aktoreak ikusi ahalko ditugu lanean, lehen ministro baten memoriak idatzi behar dituen idazle bati buruz jardungo duen filmean
(Argazkiak: www.imdb.com)
