««Itzuli
Erreportaje didaktikoak
Harvey Keitel, luxuzko bigarren aktorea






Martin Scorsesse, Robert de Niro edo Ridley Scott bezalako zuzendari hasi berriekin hazi zen bere lanbidean Harvey Keitel eta joan den maiatzaren 12an 70 urte bete zituen. Bugsy filmari esker bigarreneko aktore onenaren Oscarrerako izendapena lortu zuen, baina bere ospea 90eko hamarkadan lortu zuen, neurri handi batean, Quentin Tarantinorekin zuen harremanari esker. Reservoir Dogs (1992) laneko Mr. White eta ondorengo Pulp Fiction (1994) filmeko The Wolf pertsonaiak bere ibilbideko adierazgarri izan dira. Horrez gain, aipatzekoak dira Little Nicky (2000) komediako deabruaren papera eta Finding Graceland (1998) pelikulan antzeztutako Elvis Presley berezia.
2009/05/22
Brooklynen (New York) jaio zen eta aita poloniarra eta ama errumaniarra ditu. Askotan italiar etorkinen ondorengoarena egin du zineman, esperientzia berdintsua izan zuen Robert De Nirok. Azken horrekin, gainera, Taxi Driver filmean lan egin zuen lehen aldiz. Hala ere, Keitel ? De Niro bikotea beste lau proiektutan errepikatu zen, baina ospe handiagoa lortu zuen bigarrenak lehenengoak baino.
Bi handiren eskutik
Harvey Keitelek 70eko hamarkadan hasi berria zen beste zuzendari berri batekin, Martin Scorsesserekin, eman zituen pantaila handian bere lehen pausuak. Horrekin egin zituen, hain zuzen ere, Who's That Knocking at My Door? (1967), Mean Streets (1973), De Nirorekin batera, Alice Doesn't Live Here Anymore (1974) eta Taxi Driver (1946). Hala ere, harremana hoztu egin zen 80ko hamarkadan De Niro eta Scorsesseren erlazioa estutzen joan zen heinean.
1988an, Keitel Scorsesserekin bildu zen berriz ere The Last Temptation of Christ (1988) filmean Judasen pertsonaia egiteko. Ordurako, aktore beteranoa ondo moldatzen zen Hollywoodeko zuzendari izateko bidean zegoen Ridley Scottekin.
Horrela, Keitel The Duellists (1977) zinemagile britainiarraren lehen film luzeko protagonista izan zen eta 1991. urtean berriz ere elkartu ziren Thelma & Lousie lanean.
Tarantinok berpiztua
Tarantinorekin zorte hobea izan zuen eta bere bi pelikularik onenetan azaldu zen: Reservoir Dogs eta Pulp Fiction. Horrez gain, zinemagilearen From Disk Till Dawn (1996) hurrengo proiektuan ere parte hartu zuen; Tarantinoren gidoia zuen Robert Rodriguezek zuzendutako zinta bat.
1993an, hiru Oscar jaso zituen The Piano pelikulako protagonista izan zen. Gainera, Cop Land pelikulako aktore zerrenda ikusgarrian parte hartu zuen, Silvester Stallone, Robert De Niro eta Ray Liotta bezalako aktoreekin batera. Urte horietan izan zen Empire eta Enterntainment Weekly bezalako argitalpenentzat Hollywoodeko aktore ospetsuenen zerrendan sartu zen garaia.
Beste aukera batzuk
Mende aldaketarekin espainiar produkzioak iritsi zitzaizkion. Horien artean dira Nowhere (2002) eta El misterio de Galíndez (2003). Horrez gain, The Bridge of San Luis Rey estatubatuarra ere grabatu zuen. Azken hori, Perun kokatua dago eta De Nirorekin berriz ere lan egiteko balio izan zion.
Red Dragon eta National Tresure Nicolas Cagen saga bere azken proiektuetako batzuk dira. Horietan, aktoreak lan komertzialagoen alde apustu egin du.
(Argazkiak: www.imdb.com)
