ZINEA

«« Itzuli

Erreportaje didaktikoak

Humphrey Bogart, Casablancako mitoa

Humphrey Bogart, Casablancako mitoa
Humphrey Bogart, Casablancako mitoa
Humphrey Bogart, Casablancako mitoa
Humphrey Bogart, Casablancako mitoa
Humphrey Bogart, Casablancako mitoa

Humphrey Bogart zinema munduaren oroimenean betiko iraungo duen izarretako bat da. Hoollywoodeko korronteetatik at, bere ibilbidea beti izango dute gogoan zazpigarren artearen zaleek. Izan ere, ibilbide bikaina du aktoreak, Casablanca eta El cuarto poder film ospetsuetan, besteak beste, maisutasun handiz antzeztu baitzuen.

2005/11/04

Humphrey DeForest Bogart 1899.urteko urtarrilaren 23an jaio zen New Yorken (AEB). Senitarte diruduna zuen, hori dela eta, arazo ekonomikorik gabe hazi zen. Bere aita (DeForest Bogart) zirujau garrantzitsua izan zen, eta ama, ordea, aldizkari bateko irudigilea.

Gurasoek medikuntza ikas zedin nahi zuten, baina eskolan jokabide kaskarra zuenez handik kanporatu zuten, eta AEBetako itsas armadan eman zuen izena. Lehenengo Mundu Gerran borrokan zegoela istripua izan zuen, eta goiko ezpaina zauritu zitzaion. Tara fisiko hori hitz egiteko modu adierazgarri bihurtu zen gerora.

Guda bukatu zenean, Bogart New Yorkera itzuli zen, eta bere aktore ibilbideari hasiera eman zion, William S. Bradyrekin batera. Broadwayn saiatu zen, baia porrot egin zuen eta Hollywooden zinema mundua dastatzea erabaki zuen. Horrela, Broadway's Like That (1930) musikal laburrean egin zuen debuta. Horrezkero A devil with women (1930) eta Rio arriba (1930) filmetan hartu zuen parte.

30eko hamarkadan hainbat lan egin zituen Warner etxearen esku, hala nola Bullets or ballots (1936), El bosque petrificado, (1936), Dead End (1937), Marked Woman (1937), The Amazing Dr. Clitterhouse (1938), Angeles con caras sucias (1938) eta The Roaring Twenties (1939).

Iragan hamarkada bukatu lez hasi zen 40koa, hau da, Bogardek gangsterrarena egin zuen Brother Orchid (1940) lanean. Aktorea La pasion ciega (1940) pelikulan agertu zen, Raould Walsh zinemagile handiak zuzenduta. Sortzaile horrekin berarekin El ultimo refugio (1941) antzeztu zuen. Lan horrekin, izan ere, arrakastaren bidea hartu zuen berak, eta El halcon maltes (1941) John Hustonen aurreneko filmarekin jarraitu zuen zidor horretan (Sam Spade detektibearena egin zuen). Handik aurrera, zinema munduko izarrik distiratsuenetako bat egin zen Humphrey Bogart.

Hurrengo urtean, Casablanca (1942) Michael Curtizen filmak idolo bihurtu zuen. Gainera, beste hainbat lanetan ere hartu zuen parte berak, Sahara (1943), Tener y no tener (1944), El sueño eterno (1946), La senda tenebrosa (1947), Callejon sin salida (1947), Cayo Largo (1948), El tesoro de Sierra Madre (1948) eta Llamad a cualquier puerta (1949) filmetan, besteak beste.

40ko hamarkada onuragarria izan bazen, 50ekoa ez zen okerragoa izan. Honakoak izan ziren haren azkeneko filmak: En un lugar solitario (1950), La reina de Africa (1951), El cuarto poder (1952), La condesa descalza (1954), La burla del diablo (1954), El motin del Caine (1954), Sabrina (1954), Horas desesperadas (1955) eta Mas dura sera la caida (1956).

La reina de Africa (1951) pelikulan egin zuen lana dela eta, Aktore Onenaren Oscar Saria irabazi zuen Humphrey Bogartek, lehia horretan Montgomery Clift (Un lugar en el sol), Marlon Brando (Un tranvia llamado deseo), Fredric March (Muerte de un viajante) eta Arthur Kennedy (Nuevo amanecer) arerio zituela.

Lau aldiz ezkondu zen, baina emakumerik garrantzitsuena Lauren Bacall izan zuen (1945. urtean ezkondu zen berarekin). Aurretik Helen Menken, Mary Phillips eta Mayo Methot aktoreak izan zituen emazte. 1957.urteko urtarrilaren 14an zendu zen Bogard, eztarriko minbiziak jota.