««Itzuli
Erreportajeak
38 herrialdetako 92 film lehiatuko dira ZINEBIren 49. edizioan





Hogei bat ziklo edo ekitaldi ekarriko dizkigu aurten, azaroaren 26tik abenduaren 1era bitartean, Bilboko Zine Dokumental eta Laburmetraia Nazioarteko Zinemaldiak, ZINEBIk. "Marilyn intimoa" erakusketa eta Euskadiko Filmategiak berreskuratutako Bilbao? izeneko 12 minutuko pieza baliotsuaren emanaldia eskainiko dizkigu, besteak beste. Orotara 92 film lehiatuko dira Sail Ofizialean. Horietatik guztietatik 9 Euskal Herrian egindako lanak izango dira. 49. edizio honetan, Père Portabella ekoizle eta zinemagile kataluniarrak jasoko du Ohorezko Mikeldi saria.
2007/11/23
Lehen mende erdia egiteko urtebeteren faltan, marka guztiak hautsi ditu ZINEBIk aurten: 400 film inguru emango dituzte, 92 Sail Ofizialean. Pelikula horiek 75 herrialdetatik iritsitako 2.648 pelikularen artean aukeratu dituzte antolatzaileek.
Sail Ofiziala
38 herrialdetako 92 lanek parte hartuko dute Sail Ofizialean, hiru kategoriatan bereizita: fikzioa (52), dokumentala (21) eta animazioa (19). Ameriketako Estatu Batuak, Frantzia, Alemania eta Erresuma Batua dira lanik gehien aurkeztu dituzten herrialdeak.
Euskal Herriko filmak 9 izango dira aurten: Koldo Almandozen Columba Palumbus, José Julián Bakedanoren La carta del amigo, Luis A. Berdejo, Borja Cobeaga eta Jorge Doradoren, Limoncello, Telmo Esnalen Taxi?, Jon Garañoren Tex Norton, Víctor Iriarteren Decir adiós, Haritz Zubillagaren Las horas muertas, Laida Lertxundiren Footnotes to a house of love eta Izibene Oñederraren Hezurbeltzak, una fosa común.
Lehian ariko ez diren Euskal Herriko eta Espainiako filmak Infoeuskadi eta Infospain sailetan izango dira ikusgai.
Epaimahaia
Aurtengo epaimahaia bost kidek osatuko dute: Raya Martín zinemagile filipinarrak, Pedro Aguilera zuzendari gipuzkoarrak, Diana Camargo Buriticá ekoizle eta gidoigile kolonbiarrak, François Crozade zinemagile frantziarrak (Frantziako Film Laburren Elkarteko kidea ere bada) eta Faouzi Benzaïdi zuzendari marokoarrak.
Zikloak
Aurten honako ziklo hauek prestatu dituzte: "Kolonbia laburrean", "Afrikako sei ikuspegi. Zuzendari berriak Kontinente Zaharrean", "Zinema eta diseinua. Zinema modernoaren irudian objektuek duten tokia", "Hiroshima animatu egiten da", "Indarra eta erromesak. Espainiako dokumentala NO-DOren produkzioan", "Argilun europarrak. Ekialdeko zinemaren harresien bestaldeko paisaiak" eta "Musen dantza. Zinema eta arte plastikoak". Azken horrekin Bilboko Guggenheim Museoaren 10. urteurrenaren ospakizunetan esku hartu nahi du ZINEBIk.
Eta gainera
Aurtengo egitarauan, gainera, Marilyn Monroe aktoreari buruzko erakusketa interesgarri bat eta KIMUAK programaren 10. urteurreneko ospakizunak ere ageri dira. Ez dira faltako, era berean, urtero antolatzen diren jarduera bereziak ere: Zineskola, EBA (Euskal Bideoartistak), Clip-Klub, Zinebilab eta Mikrozinebi, besteak beste.
Horiez gain, aparteko interesa izango du aurten Policarpo Fernández Azconak 1960an grabatutako 12 minutuko Bilbao? dokumentalaren emanaldiak. 47 urte geroago Euskadiko Filmategiak berreskuratu du aparteko balioa duen dokumentu hori.
Proiekzio-areto nagusietan ez ezik, beste hainbat tokitan ere ikusgai izango dira 49. edizio honetako lanak: Bidarte Udal Zentroan, Getxoko Kultur Aretoan, Euskal Herriko Unibertsitateko Auditorioan, Orozkoko Museo Etnografikoan eta Gasteizko Guridi Antzokian, hain zuzen ere.
(Argazkiak: http://www.zinebi.com)
