ZINEA

«« Itzuli

Erreportajeak

Dena prest Donostiako Itsaspeko Zinemaren Nazioarteko Zikloaren 32. ediziorako

Dena prest Donostiako Itsaspeko Zinemaren Nazioarteko Zikloaren 32. ediziorako
Dena prest Donostiako Itsaspeko Zinemaren Nazioarteko Zikloaren 32. ediziorako
Dena prest Donostiako Itsaspeko Zinemaren Nazioarteko Zikloaren 32. ediziorako
Dena prest Donostiako Itsaspeko Zinemaren Nazioarteko Zikloaren 32. ediziorako
Dena prest Donostiako Itsaspeko Zinemaren Nazioarteko Zikloaren 32. ediziorako
Dena prest Donostiako Itsaspeko Zinemaren Nazioarteko Zikloaren 32. ediziorako

32 urte beteko ditu aurten Donostiako Itsaspeko Zinemaren Nazioarteko Zikloak. 6 herrialdetako 26 film izango dira ikusgai orotara. Horien artean, El viaje de la anguila nabarmendu dute antolatzaileek, dibulgaziozko lan aparta delako. Itsasoak bere aurpegirik atseginena erakutsiko digu martxoaren 25etik 29ra, azken egunotan sekulako triskantzak eragin ostean.

2008/03/18

Realeko Urpeko Jardueren Taldeak antolatutako zikloak berrikuntza bat dakar aurten, ingurugiroarekin zerikusia duten filmak aurreko urteetan baino gehiago baitira. Arriskuan dauden uharriak, baleen biziraupena eta uren arteko oreka mantentzeko beharra bezalako gaiak jorratzen dituzte zenbait lanek.

Aurten ikusgai izango diren 26 filmetako asko munduan beste edonon baino lehenago emango dituzte Donostian. Egunean bi emanaldi egingo dituzte Andia kaleko Kutxaren eraikineko ekitaldi aretoan: 18:00etan eta 20:00etan. Sarrera doan izango da. Bien bitartean, Jesús Villalba Bajenetaren, Manuel E. Perez Ruizen eta Nano Cordovillaren argazki erakusketak ikusteko aukera egongo da ekitaldi areto horren beheko aldean.

Egitaraua

Michel Vrignauden S.O.S Tortugas eta Patrick Luzeuxen eta Jose Luis Castroren El viaje de la anguila dira hilaren 25ean, 18:00etan, zikloari hasiera emango dioten filmak. El viaje de la anguila dokumentalaren zati handi bat euskal kostaldean grabatu dute, eta aingirak bizi duen egoera kritikoa eta Europako administrazioak espeziea eta arrantza eredu jasangarritik eratorritako ekonomia babesteko onartutako planak erakusten ditu.

Hilaren 26an ikusgai izango diren filmen artean, Rafael Gonzalezen eta Mayte Sanchezen El último viaje eta Herle Jouonen Noches de tinta en Santa Rosalía nabarmendu behar dira.

Martxoaren 27an, bestalde, Jean Claude Eugeneren Ayvalik 2005 eta Sathosi Okabe japoniarraren Ecuador, el río del Sol izango dira ikusgai, besteak beste.

Hilaren 28ko film nagusia, berriz, Afrika iparraldeko kostaldean grabatutako "Mediterraneo Sub" serieko Tabarka izeneko kapitulua izango da.

Aurtengo pelikularik zirraragarrienetako batzuk zikloaren azken egunean emango dituzte, hilaren 29an. Jeromme Julienneren eta Yasuhiru Koyamaren Calamar fantasma abisal, Manuel E. Garcia Blancoren Os mares doces de Galicia eta Leandro Blancoren Uno para todos zenbait adibide baino ez dira.

Euskal ordezkariak

Euskal zinemagileen bost film izango dira ikusgai aurten. Horietako hiru hilaren 28an emango dituzte: aurrez aipatutako El viaje de la anguila, Iñaki Kabueren Mar de lunas eta Jorge Kellerren Entre tiburones lanak, alegia. Gainerako biak, Profundis eta Dimensiones, hilaren 29an ikusi ahal izango ditugu. Gorka Leclerqenak dira biak.

Egitaraua osorik ikusteko, egin klik hemen.

(1. argazkia: www.realsociedad.com; 2, 5 eta 6. argazkiak: http://www.fotonatura.org; 3 eta 4. argazkiak: http://www.under-sea.net/)