ZINEA

«« Itzuli

Erreportajeak

Un poco de chocolate, Aitzol Aramaio ondarrutarraren lehen film luzea

<em>Un poco de chocolate</em>, Aitzol Aramaio ondarrutarraren lehen film luzea
<em>Un poco de chocolate</em>, Aitzol Aramaio ondarrutarraren lehen film luzea
<em>Un poco de chocolate</em>, Aitzol Aramaio ondarrutarraren lehen film luzea
<em>Un poco de chocolate</em>, Aitzol Aramaio ondarrutarraren lehen film luzea
<em>Un poco de chocolate</em>, Aitzol Aramaio ondarrutarraren lehen film luzea
<em>Un poco de chocolate</em>, Aitzol Aramaio ondarrutarraren lehen film luzea
<em>Un poco de chocolate</em>, Aitzol Aramaio ondarrutarraren lehen film luzea

Aitzol Aramaio zuzendari ondarrutar gazteak denboraren iraganari eta heriotzari aurre egiteko optimismo lezio bat ematen digu Un poco de chocolate, bere lehen filmean. 2002an Narratiba Sari Nazionala irabazi zuen Unai Elorriagaren SPrako tranbia eleberrian oinarrituta dago pelikula.

2008/04/30

Un poco de chocolate aste honetan bertan estreinatu dute zinema aretoetan. Protagonista nagusiak Hector Alterio eta Julieta Serrano beteranoak dira alde batetik, eta Barbara Goenaga euskalduna eta Daniel Brühl gaztea bestetik.

Lucas (Alterio) eta Maria (Julieta Serrano) maite izan dituztenen oroitzapenen artean bizi diren neba-arreba adinekoak dira. Bestalde, Marcos (Daniel Brühl) eta Roma (Barbara Goenaga) noraezean dabiltzan gazte bakarti bi dira. Zoriak denak batzen dituenean, esperientziadunen ikuspuntu lasai eta optimista eta gazteen indarra eta trakestasuna biltzen dituen barne bidaia bat hasten dute; denek dute esperientzia horretatik zer ikasirik.

Aramaioren iritziz, Un poco de chocolate "maitasun, ontasun eta laguntasun istorio bat da". Hector Alteriok antzezten duen pertsonaiak zahartzaroko dementzia du, baina bere bizitasuna eta jarrera positiboa kutsatzen die gainontzeko pertsonaiei. Ondarrutarraren filmean kontatu nahi dena da "bizia ez dela ona ez txarra, horren aurrean hartzen den jokabidea dela garrantzitsuena".

Zuzendariak berak eta Michel Gaztambidek idatzitako gidoian, amets itxura duen ipuin antzerako bat kontatzen dute, eta bertan, Lucasen oroitzapen eta ametsak bere gaixotasunaren errealitatearekin nahasten dira.

"Pelikularen aurkikuntza nagusia da bizitza gogorra dela eta goxotasunez eta eskuzabaltasunez egin behar zaiola aurre", adierazi du Julieta Serranok. Aitortu du gidoia irakurri zuenean uste zuela hori "ezin zela filmatu, ezinezkoa zela hain gauza zoliak eta inplizituak erakustea".

Zentzu horretan, keinuen eta begiraden garrantzia azpimarratu du zuzendariak, eta aktoreen lana goraipatu du, batez ere orain Argentinan antzezlan bat eskaintzen ari den Hector Alteriorena. "Hectorren aurrean ongi eutsiko zuten hiru aktore behar nituen?, adierazi du Aramaiok, izan ere, bere iritziz, "nahiz eta duen adina izan, bere gorenean dago". "Ez diozu inongo errutinarik ezta nekerik antzematen horren ibilbide luzea izan eta gero" gaineratu du Alterioren inguruan Daniel Brühl aktore alemaniar-espainiarrak; bere ibilbidean gehien harritu dituen aktoreak Hector Alterio bera eta Judi Dench izan direla adierazi du.

Unai Elorriaga, Un poco de chocolate pelikulak oinarri duen SPrako tranbia eleberriaren sortzailea, pozik agertu da bere lanaren moldaketarekin, izan ere, elementu autobiografikoak dituen liburuaren "espiritua mantentzen da".

Pelikula Malagako Zinema Jaialdian aurkeztu zuten, lehiaketatik kanpo, eta arrakasta handia lortu zuen. Zuzendariak orduan hartu zuen sentsazioa da "pelikulak funtzionatzen duela. Ikusleek barre asko egiten dute, baita negar ere".

Euskal Herria eszenatoki bezala

Algortan, Gorlizen eta Bilbo inguruetan filmatu zuten Un poco de chocolate, eta Algortako Portu Zaharrean gertatzen dira bai pelikulako baita oinarritzat duen eleberriko ekintza gehienak. Izan ere, Elorriaga Bizkaiko herri horretakoa da.

Portu Zaharreko bizilagunek filma inork baino lehen ikustea nahi zuen Aitzol Aramaiok, eta hori dela eta Getxo Antzokian proiektatu zuten Madrilgo estreinaldi ofizialaren aurretik.

(Argazkiak: www.unpocodechocolate.com)