ZINEA

«« Itzuli

Erreportajeak

Shirley Temple, 80 urteko neskatoa

Shirley Temple, 80 urteko neskatoa
Shirley Temple, 80 urteko neskatoa
Shirley Temple, 80 urteko neskatoa
Shirley Temple, 80 urteko neskatoa
Shirley Temple, 80 urteko neskatoa
Shirley Temple, 80 urteko neskatoa
Shirley Temple, 80 urteko neskatoa

30eko hamarkadako Shirley Temple aktoreak 80 urte bete ditu duela gutxi. Bere garaian zazpigarren artearen ikono izan zen, baina bere bizitzak bira eman zuen pantaila handia utzi eta politika munduan murgildu zenean. Ia zortzi hamarkada geroago, inork ez du ahaztu koronela txikia.

2008/07/04

Hollywoodeko ile-kiribil higiezinak zeramatzan eta klake koreografia zailak dantzatzeko gai zen. Shirley Temple publikoa poltsikoan sartzea lortu zuen izar horietako bat da. 1928ko apirilaren 23an jaio zen, Santa Monikan (Kalifornia), eta bost urte zituela oso ezagun egin zen, bere pelikuletan dantzatzeko agertzen zuen gaitasuna zela eta.

Templek ekoizpen ugari protagonizatu zituen; besteak beste, Ojos cándidos (1934), La pequeña coronela (1935) o Rebeca, la de la granja del Sol (1938). Zazpi urte zituela, 35ean, Oscar berezi bat jaso zuen; gainera, Hollywoodeko Sunset Boulevardeko "Ospearen Ibiltokian" marka txikienak utzi zituen.

Garai hartan, zinea zen aisialdia betetzen zuen entretenimendu nagusia; hala, izar honen arrakastak arte honetatik kanpo egin zuen salto. 30eko hamarkadan, Templek pelikuletan jantzi zituen soinekoak zeramaten panpina asko saldu ziren. Gaur egun, bildumazaleek biltzen dituzten objektu hauek ehunka dolar balio dituzte bigarren eskuko merkatuetan. Jostailuez gain, neskentzako soineko eta ilerako begizta bilduma bat ere sortu ziren.

Baina urteen poderioz haur izarrak nerabezarora egin zuen salto. Etapa honetan, arrakasta berriak lortu zituen; adibidez, Desde que te fuiste (1944), Claudette Colbertekin, eta El solterón y la menor (1947), Cary Grantekin. Edonola ere, bere iraganaren pisua ezin izan zuen orekatu eta publikoak pantaila handian distira berezia zuen neskatoa aldarrikatzen zuen.

Shirley Templek 1949an utzi zuen zinea; hala ere, 50eko eta 60ko hamarkadetan, ikuskizunaren munduan jarraitu zuen bi telesailen bidez. Aurkezlea eta narratzailea izan zen bi saiotan, "Shirley Temple?s Storybook" eta "The Shirley Temple Show" izenekoetan.

Zinematik politikara

Bere egunerokotasunari aldaketa bat ematea erabaki zuen eta Ameriketako Estatu Batuetako alderdi errepublikanora igaro zen kide aktibo bilakatzeko. 1967an, Kaliforniako hautagai moduan, Ordezkarien Ganberako hauteskundeetara aurkeztu zuen bere burua, baina ez zuen emaitza positiborik lortu. Hala ere, Richard Nixonek estatubatuar taldearen ordezkariondoko bilakatu zuen Nazio Batuen Erakundean ingurugiroaren, gizakien eta gizartearen arazoak ikertu behar zituen batzordean.

Geroago, bere bigarren senarraren abizena (Charles A. Black politikaria eta enpresa gizona) hartu zuen, eta Shirley Temple Black kontserbadore gogorraren irudia hartu zuen. Horrela, 1974an, Ghanan, AEBetako enbaxadore izan zen; eta 1976an protokoloko arduraduna izan zen Etxe Zurian. Hamahiru urte geroago, George Bushek bere herrialdeko enbaxadore izendatu zuen Txekoslovakian.

Bizitza distiratsu honek estutasun bat izan zuen 1972an. Aktoreari bular bat kendu zioten, eta, hortik aurrera, bere egoera berean zeuden emakume guztientzako sostengua bihurtu zen. Borroka gaindituta, 1988an Child Star bere autobiografiaren lehenengo liburukia argitaratu zuen. Egun, aldizka ageri da ekitaldi publikoetan. Bizimodu lasaia eta familiarra du Woodsiden, Kalifornia iparraldean.

(Argazkiak: www.shirleytemple.com)