«« Itzuli
Erreportajeak
Oliver Stone, presidente estatubatuarren astintzailea





Oliver Stonek polemiko ospea du. John Fitzgerald Kennedyren erailketa kirurgialari baten pultsuarekin disekzionatu zuen JFK (1991) lanean, 1995ean Richard Nixonen erorketa erretratatu zuen eta orain, "istorio shakespearianoa" burutuko du W filmean, egungo Etxe Zuriko presidentearen biografian.
2008/07/24
Filmak 30 milioi dolareko aurrekontua du eta urrian estreinatuko dela aurreikusten du zuzendariak, justu AEBen hauteskunde presidentzialak egin baino lehen. Pelikulak "demokrazia estatubatuarraren garapen eskasa" irudikatuko du, Stonek bizi izandakoaren arabera.
Lana hiru zatitan banatuko da: Bushen gaztaro zoroa, gai erlijiosoenganako hurbilketa eta Bulego Obalean egindako lehen agintea. Hala ere, zuzendariak adierazi duenez, lana ez da Nixon "bezain konplexua" izango, "Nixonekin konparatuz gero, Bush gaztearen bizitza ez baita hain urduria eta psikoanalisika".
Stonen hitzetan, "gezurretan aritu eta akats asko egin ondoren, Bushek jende asko bereganatu zuen", eta pertsonaiarengandik gehien atsegin duena bere "konbertsio pertsonal eta erlijiosoa" da. "Asko edaten zuen tipo bat Texaseko gobernadore bihurtzeaz gain, Mundu Askearen liderra ere bilakatu da". Zuzendari estatubatuarrak Bushen "buruan sartu" nahi du, hura "gutxietsi gabe".
Stone ez da kritikoa izango George W. Bushekin, Michael Moore Bowling for Columbine (2002) eta, batez ere, Fahrenheit 9/11 (2004) lanetan izan zen moduan. Azaldu duenez, gaur egungo presidente estatubatuarrari egiten dion hurbilketa "modu ez hain serioan jorratzen den gai serioa da".
Horretarako, James Cromwell (George Bush aita), Elizabeth Banks (Laura Bush), Richard Dreyffus (Dick Cheney) eta Josh Brolin aktoreen partaidetza izango du. Azken honek, George W. Bushen pertsonaia haragituko du.
Brolinek hainbat ordu inbertitu ditu agintari estatubatuarraren azentua lortzeko. Interpreteak adierazi duenez, "niri ez dagokit bere ahotsa modu perfektuan kalkatzea". Berarentzat garrantzitsuena bere buruari honako galdera hauek egiten dizkion pertsonaiaren barne-ahotsa aurkitzea da: Zein da nire lekua mundu honetan?, Nola gogoratuko naute?.
"Ez da pelikula politiko bat, biografia bat baizik. Jendeak gizon hau gizakia dela gogoratuko du, nahiz eta kanpotik memelo edo txotxongilo deituta gizatasuna kentzen zaion" dio aktore estatubatuarrak. "Gizon hau orain den pertsona izatera zelan heldu den ikusi nahi dugu pelikulan".
Filmeko ekoizleetako batek, Moritz Bormanek, zuzendari polemikoaren lana finantzatzeko arriskua onartu du, Nixon pelikulak porrot egin zuela jakin arren. Lan honek 44 milioi dolarreko ekoizpen-kostua izan zuen eta AEBetan bildutako diru-kopurua 13 milioikoa izan zen.
Bormanen iritziz, "Bush eta Stone izenak batuz gero, jende guztiak filmaren aurreiritzi bat sortzen du bere buruan" eta kasu batzuetan, polemikak obraren benetako edukia ezkutatzen du.
"W pelikularen estreinaldiaren berri eman zenean, kritikak jaurti zituen jendeak, pelikula ikusi ondoren, goretsi egin zuen, ikusi beharreko filma zela esanez". Azken emaitza eztabaidara irekita egongo da, baina ziur filmak ez duela inor axolagabe utziko.
(Argazkiak: IMDB)
