«« Itzuli
Erreportajeak
Hogeita bost urte Luis Buñuel gabe





Hogeita bost urte bete dira surrealismoaren eta kritika sozialaren maisua hil zenetik ?1983ko uztailaren 29an hil zen, Mexikon- eta bere obra inoiz baino biziago dago. Zinemagile gutxik garatu dute Buñuel handiak garatu zuen ibilbide biribil, koherente eta pertsonala, zineman irudi hunkigarri eta kezkagarriak sortuz.
2008/08/01
Luis Buñuel 1900eko otsailaren 22an jaio zen eta Historia ikasi zuen Madrilen. Hiriburuko Ikasle Egoitzan eman zituen urteek artearen mundura bideratu zuten bere bizitza, bertan Federico García Lorca, Salvador Dalí eta Rafael Alberti ezagutu baitzituen.
Parisera joan eta zineman lan egiten hasi zen. Bere lehen filma, Un perro andaluz (1929), surrealismoaren adierazgarria izan zen, eta, akats tekniko nabarmenak zituen arren, irudimen eta originaltasunaren eredu da gaur egun ere.
La edad de Oro (1930) lanarekin batera, bi pelikula hauek zinema surrealistaren adibide argienak dira, eta euren muturreko estetika horien kultur ospearen berme bihurtu dira.
Hasiera erradikal horren ondoren, Buñuelek dokumentalera salto egin zuen Las Hurdes lanarekin, non Estatuko eskualde horretako egoera atsekabegarria tratatzen duen.
Geroago, Buñuel fikzioan zentratu zen arren, bere filmek kritika soziala egiten dute eta baztertutakoen egoera salatzen dute, Los Olvidados maisulanak kasu. Pelikula horrek zuzendaritza onenaren saria eta nazioarteko kritikaren saria jaso zituen 1951n Canneseko Zinemaldian.
Frantzian, AEBetan eta Mexikon errefuxiatua
1950ean Buñuelek Los Olvidados filmatu zuen Mexikon. Zinemagilea bertara joan zen bizitzera Espainiako Gerra Zibilaren ostean, Parisen eta AEBetan bizi eta gero. Azken herri horretatik ihes egin behar izan zuen, Dalik komunista zela leporatu ondoren, presioak jasan baitzituen bertan.
Mexikon filmatu zituen bere lan garrantzitsuenetariko batzuk, Nazarín (1959) ?Canneseko Urrezko Palmaren irabazlea- edo El ángel exterminador (1962), besteak beste. Hala ere, Estatu espainiarrera itzuli zen Viridiana (1961), karitate faltsua gogor kritikatzen duen lana, filmatzeko.
Film honekin ere Canneseko Urrezko Palma irabazi zuen 1962an, eta, L?Osserbatore Romano Vatikanoko egunkariak biraogile eta sakrilegotzat jo zuenean, eskandalu handia sortu zen eta zentsura espainiarrak debekatu egin zuen filma.
Etapa frantsesa
Mexikoko etaparen ostean, Buñuel Frantziara bueltatu zen eta ospe handia eman zioten lanak filmatu zituen bertan. Kritika soziala sotiltasun handiz egin zuen lan horietan, eta, gainera, bertako baliabideei esker sormen askatasun handiagoa izan zuen.
Belle de Jour (1966) pelikula ausartarekin Veneziako Urrezko Lehoia irabazi zuen. Hala ere, La vía láctea (1968), El discreto encanto de la burguesía (1972) ?atzerriko film onenaren Oscar sariaren irabazlea- eta El fantasma de la libertad (1974) filmek osatzen duten trilogiak Buñuelen ibilbidearen maila gorena ezarri zuen.
Zinemagilearen azken pelikula, Ese oscuro objeto del deseo (1977), apalagoa izan zen aurretik egin zituen lan bikainekin konparatuz gero. Hala ere, bere obra osoa ikusita argi geratzen denez, Buñuelek, konbentzionalismoei begiratu gabe, nahi izan zuena egin zuela beti eta sentitzen zuena kontatu zuela erakusten du horrek ere.
Buñuelek berak gogoratu zuenez, "ez dut uste inoiz diruaren truke ezer egin dudanik. Dolar baten truke egiten ez dudana, ez dut milioi baten truke egingo".
Andrei Tarkovsky zinemagile errusiarrak hau esan zuen horri buruz: "Bere filmetan inkonformismoa da beti nagusi. Bere protesta gogor, garratz eta askea lanen izaera sentiberan nabari da, eta emozioak kutsatu egiten ditu. Eta, batez ere, Buñuelek kontzientzia poetikoa du".
(Argazkiak: http://www.luisbunuel.org)
