ZINEA

«« Itzuli

Erreportajeak

Italiar zinemak protagonizatuko du Veneziako Mostraren 65. edizioa

Italiar zinemak protagonizatuko du Veneziako Mostraren 65. edizioa
Italiar zinemak protagonizatuko du Veneziako Mostraren 65. edizioa
Italiar zinemak protagonizatuko du Veneziako Mostraren 65. edizioa
Italiar zinemak protagonizatuko du Veneziako Mostraren 65. edizioa
Italiar zinemak protagonizatuko du Veneziako Mostraren 65. edizioa

Aurten, abuztuaren 27tik irailaren 6ra, animaziozko lanek, zinema italiarrak eta zinema asiarrak presentzia handia izango dute Veneziako 65. Zinemaldian. Mostra Coen anaien Burn After Reading filma estreinatuz hasi eta Tito Schia Jr. zinemagilearen Orfeo 9 pelikula proiektatuz amaituko da.

2008/08/08

Sail ofizialak

"Venezia 65" sailak, Urrezko Lehoia lortzeko film luzeen nazioarteko lehiaketak, hamabi herrialdetako hogeita bat film luze erakutsiko ditu. Wim Wenders zinemagile alemana izango da saria emango duen epaimahaiaren burua, eta horrekin batera, besteak beste, Lucrecia Martel zuzendari argentinarra, John Landis zinemagile estatubatuarra eta Valeria Golino aktore italiarra egongo dira mahaian.

Sail honetan, Gillermo Arriaga gidoilari mexikarra, Alejandro Gonzalez Iñarritu zinemagilearen ohiko gidoilaria eta Babel filmagatik Oskar sarira izendatua, zuzendari moduan estreinatuko da. Arriagak bere lehen film luzea, The Burning Plan, aurkeztuko du Venezian; Charlize Theronek, Kim Basingerrek eta Joaquim de Almeidak parte hartu dute bertan.

Lehiatuko diren filmen artean, Jonathan Demmeren Rachel Getting Married, Anne Hathaway eta Debra Winger aktoreekin; Darren Aronofskyren The Wrestler, Mickey Rourke, Marisa Tomei eta Evan Rachel Woodekin; Kathryn Bigelowen Hurt Locker, Ralph Fiennes eta Guy Pearcerekin; eta Marco Bechisen Birdwatchers nabarmentzen dira.

Takeshi Kitanoren Akires to kame (Akiles eta dordoka), Barbet Schroederren Inju, la Bete dans l?ombre, eta Yu-Lik-wairen Dagkou (Plastic city) lanek ere parte hartuko dute, animaziozko bi film japoniarrez gain: Hayao Miyazakiren Gake no ue no Ponyo (Ponyo on Cliff by the sea) eta Mamoru Oshiiren The sky Crawlers.

Bestalde, "Fuori Concorso" sailean noizbait jaialdian lanik aurkeztu duten zinemagileen hainbat film ikusi ahal izango dira. Euren artean bi pelikula espainiar daude: Claire Danisen 35 Rhums film luzea eta Jia Zhangkeren Heshang aiqing (Cry me a river) film laburra.

Zinemagintzan egun ari den zuzendaririk zaharrena, Manoel de Oliveira (99 urte), jaialdian presente egongo da Brasilek koproduzitutako Do Visível ao Invísivel film laburrarekin. Brasildik, José Mojica Marinsen Encarnaçao do demonio ere helduko da.

Lehiaketatik kanpo, bestalde, aurtengo edizioan, Ferran Alberichen Bajo las sombras dokumentala eta Lorenzo Llobet Garciaren Vida en sombras filma proiektatuko dira. Era berean, aipatzekoak dira Abbas Kiarostami irandarraren Shirin, Juliette Binoche protagonista nagusi duena, eta Agnés Varda frantsesaren Les Plages d?Agnès.

Orain dela lau urte "Orizzonti" saila jarri zuten martxan 35 mm-ko film luzeen bidez, zinemaren joera berriei lekua emateko. Bertan, bi ekoizpen mexikar aurkeztuko dira: Gerardo Naranjoren Voy a explotar eta Eugenio Polgovskyren Los Herederos.

Halaber, "Corto Cortissimo" sailak gehienez 30 minutu irauten duten film laburrak jarriko ditu ikusgai eta "Questi fantasmi: Cinema italiano ritrovato (1946-1975)" (Mamu hauek: zinema italiarraren aurkikuntza) sailak, berriz, 1946 eta 1975 urteen artean, Italian ekoitzitako eta historia garaikideak ahaztu dituen hogeita hamar bat filmen atzerabegirakoa eskainiko du, digitalizazioaren bidez zaharberritutako bertsioak erakutsiz.

Era berean, Mostrak Ermanno Olmi zinemagile italiarrari emango dio aurtengo Ohorezko Urrezko Lehoia.

Sail independenteak

Sail ofizial horiekin batera, "Settimana Internazionale della Critica" (Nazioarteko Kritikaren Astea) eta "Giornata degli autori" (Egileen jardunaldia) izenekoak ere izango dira. Azken honetan, Celina Murga argentinarraren Una semana solos filma egongo da ikusgai.

(Argazkiak: http://www.labiennale.org/en/cinema)