ZINEA

«« Itzuli

Erreportajeak

Kimuak 2008 katalogoan izango diren zortzi film labur aukeratu dituzte

Kimuak 2008 katalogoan izango diren zortzi film labur aukeratu dituzte
Kimuak 2008 katalogoan izango diren zortzi film labur aukeratu dituzte
Kimuak 2008 katalogoan izango diren zortzi film labur aukeratu dituzte
Kimuak 2008 katalogoan izango diren zortzi film labur aukeratu dituzte
Kimuak 2008 katalogoan izango diren zortzi film labur aukeratu dituzte

Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak eta Euskadiko Filmategiak elkarrekin antolatu duten Kimuak programaren XI. edizioak baditu jada protagonistak. Euskal film laburrak sustatzea helburu duen katalogo horretan parte hartzeko, Gipuzkoako zazpi film labur eta Bizkaiko bat aukeratu dituzte.

2008/08/14

Aurtengo edizioan, fantastikoa, drama eta dokumentala izan dira genero nagusiak; azken kasu horretan, gainera, dokumental tradizionalak zein dokumental faltsuak erakutsiko dituzte. Era berean, animazio esperimentalak eta literatur erreferentziek ere badute presentzia aurtengoan.

Bestalde, Kimuak ekimenaren historian lehen aldiz, bi zuzendarik, Jon Garaño eta Raul Lopez donostiarrek, bina lan izango dituzte katalogo berean. Halaber, aurten aukeratutako zuzendarien artean bik bakarrik hartu dute parte Kimuak programako beste edizio batzuetan, David Gonzalezek (2006ko edizioan sartu zuten horren lan bat) eta Izibene Oñederrak (2007koan parte hartzeko hautatu zuten), hain zuzen.

Filmak

Katalogoa Jon Garañok Etiopian filmatutako eta Moriarti Produkzioak enpresak ekoitzitako Asämara dokumentalak irekiko du. Bertan, Afrikan lan egitera behartuta dauden haurren errealitatea aztertzen da, ikuspuntu bortitza, adeitsua edota errukiorra erabili gabe. Izenburuko hitzak "lan egitera bidali" esan nahi du bertako hizkuntzan.

Bigarren lana Javi Alonsok eta Raul Lopezek zuzendutako eta Hernaniko La Burla Producciones enpresak ekoitzitako Autorretrato drama zapaltzailea da. Aurrez aurre dauden bi emakume ditu protagonista nagusi.

Hurrengo film laburra animazio kolektiboa da. Artelekun egin zuten, Vuk Jevremovic artista kroaziarrak koordinatuta, eta Isabel Herguera donostiarrak ere hartu zuen parte bertan. Berbaoc Xabier Erkiziaren soinu konposizio batean oinarritutako esperimentazio askea da, eta Jose Belmonte, Gustavo Diaz, Irati Fernandez, Izibiñe Oñederra eta Mercedes Sanchez-Agustino animatzaileak dira horren egileak.

Laugarren film laburra Aritz Moreno donostiarrak zuzendutako eta Pok Produkzioak etxeak ekoitzitako Cotton Candy da. Lan hau Julio Cortazar idazle argentinarraren No se culpe a nadie ipuinean era askean inspiratuta dago, eta ipuinak berezkoak dituen zentzugabekeria eta irrealtasun sentsazioa ematea lortu du Morenok.

Hurrengo lana Jon Garañok zuzendu eta Moriarti Produkzioak enpresak ekoitzitako On the line dokumental faltsua da. Lan horretan Nafarroako Errege Bardea AEBen eta Mexikoren arteko muga bihurtzen da, eta etorkin mexikarrei muga igarotzen utzi behar ez dieten boluntario armatuak agertzen dira bertan.

Bizkaian egindako lan bakarra David Gonzalezek zuzendu eta ekoitzitako El tiempo prestado da. Familia drama horretan, mugitzen ez den kamera bat hirugarren adinekoek etxebizitzetan dituzten mugikortasun arazoen lekuko da.

Raul Lopez eta Gregorio Muro gipuzkoarrek elkarrekin zuzendu eta ekoitzitako Tras los visillos thriller fantastikoa da hurrengoa. Tentsio handiko film gore ilun horretan, serieko hiltzaile bat, zain kirurgialari bat, adineko emakume kuxkuxero bat, izututako salatari bat eta adimen gutxiko sikario bat ikusiko ditugu.

Katalogoa Gorka Cornejo donostiarrak zuzendu eta Koldo Zuazuak ekoitzitako Yo sólo miro lanak itxiko du. Istorio goibel horrek adineko senar-emazte batzuen sekretu ez aitortuak ezagutaraziko ditu. Lanak hainbat sari lortu ditu dagoeneko, tartean Elxeko Nazioarteko Zinema Jaialdikoa.

Kimuak 2008ko film laburrak irailean aurkeztuko dituzte Donostiako Zinemaldian eta, ordutik aurrera, aurreko urteetako lanek izandako ibilbide arrakastatsu bera izatea espero da.

(Argazkiak: www.euskadi.net)