«« Itzuli
Erreportajeak
Film madarikatuak





El caballero oscuro Batmanen azken pelikularen estreinaldiak puri-purian jarri ditu film batzuen inguruan dauden misterio, zoritxar eta ezbehar istorioak.
2008/08/21
Abuztuaren 13an estreinatu zen El caballero oscuro filma, Heath Ledger aktore ezagunak pastilla gaindosi bategatik hil aurretik (urtarrilak 22, New York) grabatu zuen azken pelikula.
Australiar gazte horren heriotzak erabat hunkitu zuen Hollywood, baina ez zen El caballero oscuro filmeko lehen heriotza izan. Aurrez, 2007ko irailean, efektu berezietan aritzen zen teknikari bat hil zen, Britainia Handian filmatzeko behar zuten materiala zeraman autobusak istripua izan eta zuhaitz baten kontra jo ondoren.
Posprodukzio garaian, berriz, 2008ko otsailean, Warner Brothers estudioek beste susto bat hartu zuten, Hong Kongeko Edison Chen aktorea Interneteko pornografia eskandalu batean nahastu baitzuten.
Uztail amaieran, berriz, Christian Bale, filmeko protagonista, atxilotu egin zuten amari eta arrebari eraso egitea leporatuta, eta salaketaren larritasunaz gain (heroi papera egiten du filmean), ia-ia ez zen iritsi estreinaldi nagusira.
Batmanen pelikularekin zerikusia duen azken ezbeharra Morgan Freeman aktoreak (Bruce Wayneren aholkulari papera egiten du) jasan du. Abuztuaren 3an auto-istripu oso larria izan zuen 71 urteko aktore ezagunak. Bidetik irten eta dozena erdi bat itzulipurdi eman zituen bere autoak. Hainbat hezur hautsi zituen, eta beso zein esku bateko nerbioak eta ehunak josi behar izan zizkioten.
Zorigaiztoko beste hainbat film
El exorcista da, dudarik gabe, pelikula madarikatuen zerrendan lehen postua duena. Bederatzi lagun hil ziren grabazioko lehen urtean. Gainera, ezusteko sute batek dekoratua birrindu zuen, eta beste hamaika fenomeno arraro gertatu ziren.
Poltergeist sagan (1982, 1986 eta 1988) ere heriotza beldurgarriak izan ziren. Hala, lehen eta hirugarren filmetako protagonistak bata bestearen ondoan ehortzita daude Westwoodeko hilerrian (Los Angeles).
Lehen protagonista bere mutil-lagun ohiak eman zion jipoi baten ondorioz hil zen, bost egun koman egon ondoren. Bigarren filmean, aldiz, aktoreetako bat urdaileko minbiziz hil zen, eta hirugarren filmean, 12 urteko protagonista ospitale bateko ebakuntza mahaian hil zen; antza, gaizki egindako diagnostiko baten erruz.
Apocalipsis now pelikularen grabazioa infernura jaistea bezalakoa izan zela esan zuten aktoreek eta zuzendariak. Filmaketak iraun bitartean, 45 kilo galdu zituen Francis Ford Coppolak estresagatik. Martin Sheeni, protagonistetako bati, bihotzekoak eman zion eta platotik urrun egon behar izan zuen denbora batez. Tifoi batek kanpoko dekoratu guztiak txikitu zituen eta, denboraleak bakartuta utzi ostean, Coppola, haren emaztea eta hainbat taldekide ospitaleratu egin behar izan zituzten desnutrizioagatik.
Horiez gain, beste film askok ere badute zorigaitzaren mamua gainean: El cuervo, Macbeth, La profecía, La semilla del diablo... Merezitakoa dute gehienek, gainera, ospe hori.
(Argazkiak: 1: wwws.warnerbros.es; 2: www.cinetelia.com; 3: EFE; 4 eta 5: IMDb)
