«« Itzuli
Erreportajeak
Zinemaren historiako hamar gaizkile zitalenak





Hollywood.com webguneak zerrenda bat argitaratu du zinemaren historian izan diren hamar gaizkile zitalenekin. Horren buruan Darth Vader, Star Wars sagaren gizatxarra, dago; azken postuan, berriz, Batmanen azken filmean Heath Ledger interpretatu duen Joker pertsonaia. Horrez gain, Javier Bardemek laugarren tokia lortu du No Country for Old Men pelikulan antzezten zuen Anton Chigurh hiltzaileari esker.
2008/08/29
Darth Vader zazpigarren artearen ikonoa da eta zeluloidearen alderik ilunena islatzen du; arrazoi horregatik, Hollywood.com webguneak kaleratu duen zerrendaren buruan dago. Star Wars filmeko antagonista nagusia George Lucasek sortu eta David Prowsek interpretatu zuen; espainiar Estatuko bertsioan, berriz, Constantino Romerok jarri zion ahotsa. Darth Vaderrek ez zuen zalantzarik bere mendekoak gupidarik gabe exekutatzeko, eta, horrela, Galaxia osoa beldurtu eta kikiltzea lortu zuen.
Zerrendaren bigarren postuan Anthony Hopkinsek interpretatu eta Jonathan Demmek zuzendutako The Silence of the Lambs (1988) filma dago. Bertan, Hopkinsek Hannibal Lecter psikiatra soziopata eta kanibalarena egiten zuen, bere onean ez zegoen jenioarena.
Louise Fletcher aktore estatubatuarrak hirugarren postua lortu du Ken Kesey zinemagilearen One Flew Over the Cuckoo's Nest (1975) filmean antzeztu zuen paperarengatik. Fletcherrek Ratched erizain krudel eta zitalarena egiten zuen; hura erizain zorrotz, ordenatu, serio, zapaltzaile eta gupidagabea zen. Interpretazio horrekin Fletcherrek aktore onenaren Oscar saria jaso zuen 1975ean.
Bere atzetik Javier Bardem dago, Coen anaien No Country for Old Men (2007) lanean egin zuen paper txalotuarekin. Aktore madrildarrak orrazkera barregarria zuen, eta bere biktimak aire konprimitutako eskopeta batekin hiltzen zituen Anton Chigurh hiltzaile errukigabe eta zoroarena egiten zuen bertan. Antzezpen horri esker, Bardemek aktore onenaren Oscar saria jaso du 2008an.
Lord Voldemort, Harry Potter sagaren gaizkilea, zerrendaren erdian dago. Voldemort oso beldurgarria da; horregatik, aztien elkarteak "Zuk badakizuna" edo "Aipatu ezin dena" esapideak erabiltzen ditu hari buruz jarduteko. Hainbat aktorek haragitu dute pertsonaia, baina Ralph Fiennes aktore britainiarra nabarmen daiteke horien artean.
Horren ostean, Margaret Hamilton aktorea eta Victor Flemingen The Wizard of Oz (1939) filmean interpretatu zuen Mendebaldeko Sorgin Gaiztoaren papera daude. Dorothy izeneko umezurtz baten etxeak Ekialdeko Sorgin Gaiztoa hil zuen, azpian harrapatuta, eta haren ahizpak, Mendebaldeko Sorgin Gaiztoak, haren txapin magikoak eskatu zizkion neskatoari.
Myke Myers zazpigarren postuan dago Austin Powers saga eroan antzeztu zuen Maligno doktorearen paperarekin batera. Gaizkile horrek mundua menderatu eta Etxe Zuriaren kontra atentatu nahi zuen, baina Austinek plan horiek behin eta berriz zapuzten zizkion.
Sailkapenean Norman Stansfield, Gary Oldmanek Luc Besson zinemagilearen León (1994) filmean interpretatu zuen polizia ustela, zortzigarren dago. Oldmanek New Yorkeko Polizia Departamentuko narkotikoen kontrako dibisioko agenteak zuzentzen zituen, eta horiek, droga kontuak direla eta, neskatila baten familiako kide guztiak hil zituzten.
Hans Gruber, 640 milioi dolar ostu nahi zituen terroristen burua, ere badago zerrenda horretan. Alemania Mendebaldeko Volksfry muturreko taldeko kide ohia Bruce Willisen kontra aritu zen Die Hard (1988) filmean. Alan Rickamnek antzeztu zuen pertsonaia hori.
Zerrenda Heath Ledgerrek ixten du Christopher Nolanen The Dark Knight (2008) pelikulan antzeztu zuen Joker beldurgarriarekin. Ledgerrek interpretatu zuen Joker pertsonaia aurpegia zuriz margotzen zuen psikopata bat da, beti irribarretsu dagoela emateko ahoan zauriak egin zituena. Aurreko bertsioekin konparatuz gero, Batmanen azken film honetako Joker hau orain arteko ilunena eta makabroena da.
(Argazkiak: IMDb)
