«« Itzuli
Erreportajeak
Zinebi, 50 zinema urte Bilbon







Urte asko pasa dira, 50 urte hain justu ere, Bilboko Zine Dokumental eta Laburmetraien Nazioarteko Zinema jaialdia (Zinebi) lehendabiziko aldiz egin zenetik. Hori dela eta, 50. urteurrena behar bezala ospatzeko larunbatean, urriaren 11n hasita, hogei bat ekitaldi prestatu dira. Jai handi honetarako, Zinebik jaialdiaren lehenengo edizioko egoitza berreskuratu du, Gran Vía Zinema zaharra.
2008/10/10
Bilboko Kultura eta Hezkuntza zinegotzia, Ibone Bengoetxea, eta Zinebiko zuzendaria, Ernesto del Río izan ziren urrezko ezteiak ospatzeko antolatu diren ekitaldien egitaraua aurkezteaz arduratu zirenak. Haien hitzetan, jardunaldien egitaraua larunbat honetan hasiko da eta azaroko azken astera arte luzatuko da. "Etorri eta Begira. Ven y mira" izenburupean, zinemazaleak egitasmo zabal eta ezberdinaz gozatzeko parada izango dute. Pelikula zikloak, prestakuntza tailerrak, profesionalen topaketak, jaiak, musika, zuzeneko emanaldiak, lehiaketak eta beste hainbat ekintza izango dira tartean.
Aspertzeko betarik ez da izango
Aurten, ospakizunek hilabete eta erdi iraungo dute eta Bilboko Gran Vía kaleako 19-21 zenbakian dagoen Gran Vía Zinema zaharra, BBKren gunea dena, Zinebi Gunea bihurtuko da. Duela 50 urte Nazioarteko Zine Dokumental Iberoamerikar eta Filipinarra ospatu zen leku berean, hain zuzen ere. Bertako epaimahikideen artean zegoen Luis Garcia Berlangak zilarrezko domina eman zion hasiberria zen Carlos Saurari Cuenca film laburragatik eta Fernando Reyek izan zuen jaialdiari amaiera emateko ardura.
Urrezko ezteiak ospatzeko ekitaldiak larunbatean, 20:30ean Zinebi Gunean hasiko dira Muchachada Nui telebista saioko Julian Lopez eta Raul Cimasek eskainiko dituzten umorezko bakarrizketekin.
Leku berean eta bi egun geroago, urriaren 13an Zinemakumeak zikloa abian jarriko da. Honetan, emakumeek zuzendutako eta azkenengo urteetan sarituak izan diren film laburrak proiektatuko dira urriaren 17a arte.
Urriaren 21ean eta 25ean, Autore Fundazioaren Autore eta Argitaratzaileen Elkarte Nagusiak, Euskal Herriko Gidoigileen Elkarte Profesionalarekin elkarlanean, Gidoiaren Astea antolatu dute. Honetan, Filmax Animation konpainiako ekoizle exekutiboak pitching (proiektuen sustaketa) ikastaroa emango du. Honi esker, gidoigileek euren lanak zinemaren industrian nola saldu behar dituzten ikasiko dute.
Euskaldunok zineman
Zinemagile euskaldunek ere izango dute beren lekua, izan ere, urriaren 27an hasi eta 30era bitartean euskaldunon historia eta garapen zinematografikoa erakutsiko duen filmen zikloa izango baita. Gainera, Bilboko zinema eskolako eta Arte Ederretako, Giza Zientzien eta Komunikazioko Fakultateko kideak urriaren 31tik azaroaren 10era arte bilduko dira Euskadiko ikus-entzunezko trebakuntzaren egoera aztertu eta ikasleen lan onenak ezagutarazteko.
Generotan antolatuta -dokumentalak, fikzioa eta animazioa- ikusleek, urriaren 27tik 28ra atzera begiratu eta zinemagile euskaldunek Zinebin izan duten presentziaz gozatu ahal izango dute. Elias Querejetarengandik hasi, 1960an saria jaso zuen lehendabiziko euskalduna, eta 2007ko saritua izandako Iziñe Oñaederrarengana iritsi arte.
Azaroaren 6tik aurrera, argazki, horma-irudi, egunkari zati, ilustrazio edota irudiek, Zinebik bete duen mende erdiko ibilbidea erakutsiko dute "Zinebi eta Bilbo: 50 urte laburrean" izeneko erakusketan. Hala ere, eskaintza ez da hemen amaitzen, bestelako ekitaldiak ere egongo baitira, musika kontzertuak edota liburuen aurkezpenak, besteak beste.
Azaroaren 27an, berriz, zazpigarren artearen zaleek Borja Cobeagaren Pagafantas izeneko lan berriaren aurrerapen txiki bat ikusteko aukera izango dute.
Egitarauaren goreneko puntua azaroaren 20an, osteguna, iluntzean izango da, Bilboko Alhondigan. Bertan, Zinebiren 50. urteurrenaren jai handia antolatuko da eta gonbidatu bereziak eta hainbat ezusteko izango dira.
(Argazkiak: www.zinebi.com)