ZINEA

«« Itzuli

Erreportajeak

Etxeko txikientzat film berriak ikusgai

Etxeko txikientzat film berriak ikusgai
Etxeko txikientzat film berriak ikusgai
Etxeko txikientzat film berriak ikusgai
Etxeko txikientzat film berriak ikusgai
Etxeko txikientzat film berriak ikusgai

Gutxi falta da gabonetarako eta ekoiztetxeak buru-belarri ari dira lanean azken orduko proiektuak lehen bait lehen pantaila handian estreinatzeko. Olentzero eta subilaren lapurreta eta Pailazokeriak etxeko txikientzat egindako lanak gaur estreinatuko dituzte Euskadin. Joan den barikuan, berriz, Harry Potterren abenturen txanda izan zen.

2005/12/02

Olentzero eta subilaren lapurreta Baleukok ekoiztutako filma gaur, abenduak 2, jarriko dute ikusgai zinema-areto komertzialetan. Unai Iturriagak idatzi du istorioa eta Baleukok ordenagailu bidez hiru dimentsioko marrazki bizidunak egin ditu.

Gabonetako gutunak bildu ondoren, haurrak ondo portatzen diren ikusten ari da Olentzero etxeko tximinietan jarritako subil magikoaren bidez. Halere, eski-estazio bat egiteko basoa bota nahi duen gizon batek gutunak eta subil magikoa lapurtuko ditu.

Lehenago ere, 2002an, Olentzero protagonista bihurtu zuen Durangoko produkzio-etxeak beste pelikula batean, Olentzero, Gabonetako ipuina izenekoan, hain zuzen. Film horrek lortu zuen arrakasta ikusita, pertsonaia beraren inguruko pelikula egin du oraingoan.

Aurreko filma xumea izan arren, 30.000 ikusle bildu zituen. Espainiako Estatuari begira, Anje, la leyenda del Pirineo izenburuarekin aurkeztutako pelikulak ere harrera ona izan zuen.

Kursaalen eskaini zuten Olentzero eta subilaren lapurreta azaroaren 3an, Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asteak urtero haurrentzat antolatzen duen egunean.

Txirri, Mirri eta Txiribiton, telebistatik zinemara

Txirri, Mirri eta Txiribiton Euskal Telebistako pailazo ezagunek mundua salbatu beharko dute Pailazokeriak izeneko filmean. Pailazo euskaldunen abenturak gaur iritsiko dira Euskadiko zinema-aretoetara.

Bi poloetako izotzak urtzen ari dira, itsas azpian Lady Kontrol maltzurraren errobotak sarraskia egiten ari baitira. Hiru pailazoak itsas azpiko animalien laguntzaz, Lady Kontrolen asmoak zapuzten saiatuko dira.

Imanol Zinkunegik zuzendu du pelikula hau. Joxan Muñoz eta Juanba Berasategik idatzi dute gidoia eta musika Joserra Senperena musikari donostiarrarena da.

Harry Potter, astebete pantaila handian

Harry Potter eta suaren kopa pelikulak 101 milioi dolar bildu ditu zinema-aretoetan ikusgai egon den lehen asteburuan AEBetako zine-aretoetan. Sagako filmek inoiz lortu duten arrakastarik handiena da hori, lehenbiziko egunetan bildutako kopuruari dagokionez. Hilaren 25etik Euskadiko zinema-aretoetan dago ikusgai azti txikiaren film berria.

Gainera, Mike Newellek zuzendutako lana historiako laugarren pelikularik arrakastatsuena da estreinaldian lortutako diru-sarrerei dagokienez. Spiderman (114,8 milioi dolar), Galaxietako Gerra-ren hirugarren atala eta Shrek 2 dira sailkapen horretako lehenak, azken hauek 108na milioirekin.

Aurrekoak ez bezala, sagako laugarren atala ez dago gomendatuta 13 urtetik beherakoentzat, filmean ikusten diren indarkeriazko eszenak eta efektu bereziak direla eta. Horrek, ostera, ez du haren arrakasta gutxitu.

Zaurian min handia egiten dioten amesgaizto ugari ditu Harryk azkenaldian. Laster, Quidditcheko Munduko Kopara joango da Ron eta Hermione lagunekin. Dumbledore irakasleak, bestalde, Hiru Aztien Txapelketa garrantzitsua aurten Hogwartsen egingo dela iragarriko du, eta hiru magia eskola nagusietako txapeldunek parte hartuko dute bertan. Gainera, Gabonetako dantzaldira joateko bikotea aurkitzea izango da Potterren erronka nagusia.